Prensa > Base de datos

Etorkinentzako lan baimenak erraztuko ditu Madrilek

Autor:

Jokin Sagarzazu

Antetítulo:

Lan merkatua

Subtitulo:

Sasoikako langileak beste lanpostu batzuetan ere aritu ahalko dira. Gutxienez bi urte legez kanpo daramatenek bizileku baimena jasoko dute.

Fecha de publicación:

26/07/2022

Contenido:

Sektore batzuetan ordaintzen diren soldata txikiengatik edo bertako herritarren gehiegizko kualifikazioagatik, langileak aurkitzea lan merkatuaren arazo larrienetako bat bihurtu da. Gai horri buruzko eztabaida betean, Atzerritarren Legea aldatzea erabaki du Espainiako Gobernuak, orain arte lan baimenik ez zuten etorkin ugari lanpostu horiek bete ditzaten. Erreformaren xedea da Europako Batasunetik kanpoko atzerritarrak lan merkatuan sartzea erraztea eta, bidenabar, bide berriak irekitzea legez kanpo dauden etorkin ugariren egoera legeztatzeko. Jose Luis Escriva Enplegu ministroak erreforma defendatu du ezkutuko ekonomia azaleratzeko eta zenbait sektoretan dagoen eskulan falta arintzeko, hala nola, lehen sektorean, eraikuntzan, ostalaritzan eta garraioan. Lege aldaketak hogei egun barru sartuko dira indarrean. Batetik, kontratazio kolektiboa bultzatu nahi da. Sasoikako langileei lau urteko lan baimena eskainiko zaie urtean bederatzi hilabetez lan egin ahal izateko. Sasoi amaiera bakoitzean beren herrialdeetara itzultzen ez badira, langile horiek bi urteko bizileku eta lan baimena izango dute, luza daitekeena, eta agiri horrekin lan egin ahal izango dute, besteren kontura zein norberaren kontura. Legezko figura berri bat ere sortuko da: formakuntzagatiko errotzea. Gutxienez bi urte legez kanpoko egoeran daramaten etorkinek bizileku baimena jasoko dute. Urtebeterako baimena jasoko dute «defizitarioa» den lanbideren batean aritzeko ikastaroren batean izena ematen badute, eta, ondoren, bi urtez bizitzeko eta lan egiteko baimena eskatu ahal izango dute, kontratu bat aurkeztuta. Ikasleak ere bai Neurriak Europako Batasunetik kanpoko ikasleengan ere izango du eragina. Orain arte, mugatuta zuten ikasketak lanarekin uztartzea, eta ikasketak amaitzean, herrialdean geratzea. Aurrerantzean ez da horrela izango: ikasten dauden bitartean, besteak beste, astean 30 ordu arteko lan kontratuak izan ahalko dituzte. Eta ikasketak amaitzean, herrialdean lan egiteko aukera gehiago izango dituzte: enpresek lan kontratua berritzea erabakitzen badute, lan baimenari eutsi ahal izango diote. Dena den, oraindik xehetasun batzuk daude argitzeko: adibidez, lan baimena jasotzeko eskubidea emango duten ikasketak zehaztea. Erreforma astearte honetan onartu da ministroen kontseiluan, eta bihar argitaratuko da BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean. Hor azalduko dira xehetasunak. Arauak, halaber, «estaldura zaileko lanbideen katalogo bat» egitera behartuko ditu erkidegoak, langilerik gabeko lanbideak identifikatzeko, eta enpresei kanpoko langileak ekartzeko aukerak errazteko. Zerrendek patronalen eta sindikatuen oniritzia jaso beharko dute. Erreforma aurrera atera da Barne Ministerioaren eragozpen tekniko batzuk gorabehera. Fernando Grande"Marlaskaren ohartarazi esan zuen dei efektua eragin dezakeela eta etorkinekin etekina ateratzen duten mafiak horretaz balia daitezkeela. Egitasmoak ez du Espainiako Gorteen babesa beharko, Errege Dekretu bidez Atzerritarren Legearen araudia aldatuko delako, eta ez legea.

Medio:

Berria

Enlace:

https://www.berria.eus/albisteak/216422/etorkinentzako-lan-baimenak-erraztuko-ditu-madrilek.htm