Prensa > Base de datos

Trumpen aroa hausteko dekretuak

Autor:

Ander Perez Zala

Antetítulo:

AEBak. Joe Bidenen kargu hartzea

Subtitulo:

Pandemiari, klima larrialdiari eta migrazio politikei buruzkoak dira Bidenek AEBetako presidente gisa hartu dituen lehen neurrietako batzuk; norabide aldaketa bat iradokitzen dute herrialdearentzat

Fecha de publicación:

21/01/2021

Contenido:

Herrialde polarizatu bat, 1929az geroztik izan duen krisi ekonomikorik handiena jasaten ari dena eta koronabirusaren pandemia betean dagoena, 400.000 hildako ingururekin. Testuinguru horretan abiatu du agintaldia Joe Bidenek AEBetako presidente karguan; ez da hark espero zuen abagune egokiena, baina, iragan azaroko hauteskundeak irabazi zituenetik hainbatetan errepikatu duen moduan, hasieratik herrialdea aldatzeko helburuarekin hasi da lanean. Finean, Donald Trumpen aroa, legatua haustea, AEBek beste norabide bat har dezaten arlo ia guztietan. Munduko lehen potentzia hainbat «krisi» jasaten ari da, Bidenen lantaldeak asteon adierazi duenez, eta horiek bideratzeko hamazazpi dekretu, memorandum eta izendapen prestatu ditu AEBetako presidenteak, etxera begira aurreko gobernuarekiko eta bere lehentasunekiko haustura handia islatzen dutenak. Alderdi Demokratak gehiengoa du Ordezkarien Ganberan eta Senatuan, eta, hortaz, estatuburu berriak errazagoa izango du erabakiak onartzea. KORONABIRUSA Orain arte, Etxe Zuriak ez du derrigortu maskara erabiltzera, baina Biden horren aurka agertu da, eta herritarrak pixkanaka ohitu nahi ditu kontrakoa egitera. Horren harira hartu du honako erabaki hau: maskara jantzita edukitzea derrigorrezkoa izan dadila eraikin federaletan, baita langile federalen artean ere. Herritarrek estatuen arteko bidaietan ere erabili beharko dituzte, besteak beste. Aldaketa muturrekoa ez den arren, presidente berriaren helburua da Trumpekiko aldaketa arlo horretan ere irudikatzea. Hori bai, txertoen banaketa azkartzeko asmoa du. Neurri horiekin lotuta, herrialdea OME Osasunaren Mundu Erakundera itzularaziko du Bidenek, eta Anthony Fauci immunologoa gaur izango da, aspaldian lehenengoz, erakunde horren bilera batean; Trumpek iragan urteko maiatzean atera zituen AEBak OMEtik, Txinaren «txotxongilo bat» zela argudiatuta. Pandemiaren ondorioz arazo ekonomikoak dituztenei begira, AEBetako presidenteak erabaki du etxegabetzeen moratoriak luzatzea; laguntzak onartzea hipoteken ondorioz etxea galtzeko arriskuan daudenentzat; eta ikasketa zorrak dituztenei dirua itzultzeko epea izoztea, 1,3 mila milioi euroko funts baten bidez. KLIMA LARRIALDIA Bidenek ez du ezkutatu nabarmen haserretu zela Trumpek herrialdea Parisko Hitzarmenetik atera zuenean, eta kanpainan iragarri zuen akordio horretan finkaturiko helburuak bete nahi dituela. Horri begira, gobernu berriak gutun bat bidali dio Nazio Batuen Erakundeari bere asmoen berri emateko, eta, hortaz, itunera itzuli nahi duela ofizialki jakinarazteko. Etxean, AEBetako presidente berriak karguan haren aurrekoaren hainbat erabaki moldatuko ditu, eta horietako garrantzitsuenetako bat hau da: indigenen lurretatik pasatuko den Keystone XL oliobidea egiteko baimena bertan behera uztea. Bidenen Klima Nazionalerako aholkulari Gina McCarthyren arabera, erabaki horien helburua da «Amerikaren buruzagitza sendotzea, nazioa mundu mailako lider gisara kokatu dadin energia garbi eta lanpostuetan». IMMIGRAZIOA Migrazio politiken arloan ere, Bidenek haustura irudikatu nahi izan du Trumpekiko, eta jokaleku horretan kokatzen da gehiengo musulmana duten hainbat herrialdetako biztanleei AEBetara bidaiatzeko ezarritako debekua indargabetzea. Hala, administrazio berriarekin, Irango, Libiako, Somaliako, Siriako, Yemengo, Nigeriako, Eritreako, Sudango, Tanzaniako, Myanmarko eta Kirgizistango herritarrek berriz bidaiatu ahalko dute. AEBen hegoaldeko mugari begira, berriz, Trumpek abian jarri zuen hormaren eraikuntza lanak gelditzea lehenetsi du, baita hori finantzatzeko erabiltzen ari ziren Pentagonoaren funtsa bere oinarrizko tokira bideratzea ere. Horrekin batera, lantalde bat abian jarri du mugan gurasoengandik banandu zituzten 600 bat haur migratzaileak euren senideekin elkartzeko; gehienak Erdialdeko Ameriketako estatuetatik iritsi ziren, eta hara deportatu zituzten, beren umeak gabe. Hain justu, El Salvadorrek, Guatemalak eta Hondurasek lau mila milioi euroko diru laguntza jasoko dute lau urteko epean, herrialdeak garatu eta migraziorako arrazoiak txikitzeko asmoz; halere, Bidenek gogortu eta areagotu egingo ditu bere herrialdearen kanpo mugetako kontrolak. Uneotan, Hondurastik abiaturiko karabana bat AEBetara bidean da, eta, egun, Guatemalan dago. Aldi berean, etxera begira, Kongresuan lege proiektu bat onarrarazi nahi du paperik ez duten baina AEBetan bizi diren milioika migratzaileri herritartasuna lortzeko bide bat eskaintzeko; gauza bera haur zirela herrialde horretara iritsi ziren 700.000 dreamer delakoei.

Medio:

Berria

Enlace:

https://www.berria.eus/paperekoa/1872/004/001/2021-01-21/trumpen-aroa-hausteko-dekretuak.htm