
Begirada honetan, EAEn bizi diren atzerritarrei buruzko datuak aurkezteko, 2025eko urtarrilaren 1ean eskura zegoen informazioa erabili dugu. Informazio hori Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) ematen du, zentsu-datuen bidez. Ikus daitekeenez, 2025ean migrazio-stockek goranzko joera izaten jarraitzen dute: EAEn bizi diren atzerritar jatorriko pertsonen kopuruak (316.942) gainditu egin du 300.000 pertsonaren muga, eta EAEko biztanle guztien % 14,1 da. 2024tik 2025era atzerritar jatorriko biztanleriak gora egin du, hau da, 21.040 biztanle gehiago dira, eta horietatik % 74,8 Latinoamerikatik etorriak dira; % 25,4, zehazki, Kolonbiatik.
Beraz, fluxuak eta stockak gorantz egiten ari diren fase batean gaude, pandemiaren ondorioz gertatutako etenaren ondoren. Hala, azken urteetan, EAEn urtero hazi da atzerritar jatorriko biztanleria: urtean 20.000 pertsona inguruko hazkundea izan du, edo hortik gorakoa.
Laburbilduz
- 2025eko urtarrilaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoan 2.240.113 pertsona bizi ziren; horietatik 316.942 inguru atzerrian jaioak ziren, eta guztizkoaren % 14,1 ziren. Batezbesteko hori Estatukoaren (%19,9) azpitik dago.
- 2024an eta 2025ean zehar, atzerritar jatorriko biztanleriak hazten jarraitu zuen, baina 2020 eta 2021 artean, pandemiaren ondorioz, igoera eten egin zen. Urtetik urterako hazkundea 20.000 pertsonatik gorakoa izan zen: 21.760 igo zen 2023an, eta 21.040, berriz, 2024an. Ziklo hau bat dator oparoaldi ekonomikoarekin eta EAEko lanmerkatuan
eskulan-behar handia izatearekin. - Igoera hori, hein handi batean, Latinoamerikako biztanleriaren etorrerari zor zaio, EAEko atzerritar jatorriko biztanleriaren guztizko hazkundearen % 74,8 hartzen baitu. Bestela esanda, EAEra iritsitako atzerritar jatorriko lau pertsonatik hiru latinoamerikarrak dira.
- Latinoamerikatik etorritakoen artean, 2023an bezala, kolonbiarrak nabarmentzen dira; zehazki, EAEn bizi diren atzerritar jatorriko pertsona guztien gorakadaren % 25,4 hartzen dute.
- EAEko immigrazioaren profilari dagokionez, jatorri nagusia Latinoamerika da oraindik ere. Latinoamerikarrak dira atzerritar jatorriko pertsona guztien % 55,5, eta jatorri horretako emakumezkoen tasa % 59,6 da.
- 2024ko urtarrilaren 1ean, jatorrizko herrialde nagusia Kolonbia zen (% 13,5), eta haren atzetik zeuden Maroko (% 11,4), Nikaragua (% 6,1), Venezuela (% 5,2) eta Errumania (% 4,9).