Begirada honetan, EAEn egoitza- edo egonaldi-dokumentazioa indarrean duten atzerritarren administrazio-egoera aztertuko dugu, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazioetako Ministerioak argitaratutako datuetan oinarrituta. Datu horiek erregistro-ziurtagiria edo egoitza-txartela indarrean duten Atzerritarren Estatistiketan eta indarrean dauden ikasketengatiko egonaldi-baimenetan oinarritzen dira, eta Atzerritarren Erregistro Zentraletik ateratako fitxategietatik abiatuta egiten dira. Estatistika horretatik abiatuta aztertuko ditugu indarrean dagoen egoitza-dokumentazioa duten pertsonen kopurua, bilakaera eta ezaugarriak; horretaz gain, erregularizazio-tasa zenbatetsiko dugu, eta EAEn urtean emandako baimenak aztertuko ditugu.
Ondorioak
- 2022ko abenduaren 31n, EAEn atzerriko nazionalitatea zuten 167.866 pertsona zeuden bizileku-agiriekin indarrean, eta 1.226 ikasketengatiko egonaldi-baimenarekin. 2013az geroztiko bilakaerak erakusten du egoitzadokumentazioa indarrean duten pertsonen kopuruak gora egin duela, eta EAEra iristen diren atzerritarren migrazio-fluxuek antzeko joera izan dutela.
- 2021erako erregularizatutako atzerritarren tasa zenbatetsiaren arabera, EAEn erroldatutako atzerritarren % 84,4k dokumentazioa indarrean du. Adierazle horren bilakaera migrazio-fluxuen joeraren mende dago: horiek gora egiten dutenean, tasak beheranzko joera du; fluxuak moteltzen edo txikitzen direnean, berriz, adierazle horrek gora egiteko joera du.
- Egoera erregularizatua duten atzerritarren tasa zenbatetsia handiagoa da gizonezkoetan, eta txikiagoa emakumezkoen kasuan. 2021ean, tasa % 88,1ekoa zen gizonezkoen kasuan, eta % 80,6koa emakumezkoen kasuan. Alde horiek konstante bat dira 2013tik. Datu horiek adierazten dute emakume atzerritarrek baldintza okerragoak dituztela erregularizazioprozesuetan sartzeko.
- Egoitza-dokumentazioa indarrean duten nazionalitate nagusiak Errumania, Maroko eta Portugal dira. Hala ere, adierazi beharra dago sailkapen hori nazionalizazio-prozesuak –biziagoa Latinoamerikako nazionalitate gehienen kasuan– eta erregularizazioprozesuan sartzeko oztopoek baldintzatzen dutela.
- Urtero ematen diren egoitza-dokumentazioak kontuan hartuta, baimen-mota nagusia egoitzaren hasierakoa da, eta, ondoren, aldaketak eta lehen berritzekoak. COVID-19aren krisiaren nolabaiteko eragina ere ikusten da, luzapen bidezko baimenen igoerarekin.