Jatorri atzerritarra duten biztanleen inguruko pertzepzio eta jarrerei buruzko 2023ko Barometroa aurkezten dugu. 2021ean eta 2022an ezohiko testuinguruetan egin ziren barometroak; hain zuzen ere, COVID-19aren pandemian eta Ukrainako errefuxiatuen krisiaren erdian. Egoera horren aurrean, euskal gizarteak modu inklusibo eta toleranteagoan erantzun zuen. Hala ere, behin larrialdi soziala desagertuta, 2021a baino lehenagoko balioetara itzuli dira euskal gizartearen jarrera horiek.
Emaitzen laburpena
Ondorioak
- Euskal gizarteak arazo larriak ditu, batik bat ekonomiaren arlokoak, eta migrazioa ez dago horien artean: ez da inoiz arazotzat hartu, eta orain 2023an ere ez.
- Euskal gizarteak atzerritar jatorriko pertsonekiko duen tolerantzia-maila, haiekiko dituzten jarrerak eta iritziak laburbiltzen dituena, 2021eko balioetara itzuli da ukrainarren asilo-eskaera egonkortu ondoren. 66,36 puntu horiek erakusten dute jarrera logikoagoetara itzuli dela.
- Euskal gizartearen kezkarik larrienak gure ongizatearentzako mehatxuak dira oraindik ere, eta horiek agerian geratzen dira nagusi diren aurreiritzietan edo "zurrumurruetan". Hala eta guztiz ere, euskal gizarteak baztertu egiten du bertakoentzat bakarrik den babes sozialeko sistema. Hezkuntza publikoa eta osasuna pertsona guztientzako eskubide unibertsalak direla uste du.
- Jarrera positiboa nabari da atzerriko immigrazioarekiko estereotipo faltsuen eta negatiboen aurrean: gehiago dira
estereotipo horiek baztertzen dituztenak haiekin ados daudenak baino. - Datuak urtetik urtera hobetzen ari diren arren, atzerritar jatorriko pertsonen zenbait kolektiboren estigmatizazioa erakusten dute zifrek oraindik ere, batez ere Marokotik, Aljeriatik edo Magrebetik datozenengana, begikotasun txikiagoa eta mesfidantza handiagoa jasotzen baitute eguneroko elkarbizitzan. Islamarekiko iritzia ere ez da ona.
- Euskal gizartea gero eta gehiago ohartzen da immigrazioa egiturazko prozesu soziala dela, dinamika globalago baten
barruan. Datuen arabera, badirudi gero eta onartuago dagoela EAEn bizi garen pertsona guztiok, era batean edo bestean, gure ongizatearen alde egin dezakegula, bai eta tresnak ezartzen lagundu dezakegula ere, denok benetan parte hartu ahal izan dezagun gure eskubideak eta betebeharrak finkatzen dituen zuzenbidezko estatuan.
Tolerantzia-indizea
Ukrainako gerraren kronifikazioak eta asilo-eskariaren egonkortzeak eragindako gizarte-larrialdia desagertu ondoren, 2021eko mailara itzuli dira atzerritar jatorriko pertsonekiko jarrerei eta pertzepzioei begira euskal gizarteak dituen jarrerak.