
Txosten honetan, euskal biztanleriak immigrazioaren aurrean dituen jarrerei, usteei eta pertzepzioei buruzko urteko inkestaren emaitza nagusiak jasotzen dira. Azterlan honen helburu nagusia, izan ere, EAEn immigrazioaren fenomenoarekiko jarrerei buruzko ezagutza handitzea eta bizikidetza-giroa neurtzea da, informazio hori euskal gizarte osoari emateko, eta, azken batean, kudeaketa helburu duten erakunde eta instituzioei laguntzeko, gizarte-fenomeno hori zehatzago ezagutu dezaten*.
* Esparru kontzeptualari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu “Kontzeptu-esparrua” eranskina.
Txosten osoa
Emaitzen laburpena
Ondorioak
Euskal gizarteak arazo larriak ditu, batik bat ekonomiaren eta etxebizitzaren arlokoak, eta migrazioa ez dago horien artean: ez da inoiz arazotzat hartu, eta orain, 2024an, ere ez.
Euskal biztanleriak atzerritar jatorriko pertsonekiko duen irekitasunmaila 2020ko osasun-krisiaren aurreko balioetara itzuli da, ukrainarren asilo-eskaera egonkortu ondoren. 63,54 puntu horiek erakusten dute posizio logikoagoetara itzuli dela.
Euskal gizartearen kezkarik larrienak gure ongizatearentzako mehatxuak dira oraindik ere, eta horiek agerian geratzen dira nagusi diren aurreiritzi edo "zurrumurruetan". Hala eta guztiz ere, euskal gizarteak baztertu egiten du pertsona autoktonoentzat bakarrik den babes sozialeko sistema bat izatea. Hezkuntza publikoa eta osasuna pertsona guztientzako eskubide unibertsalak direla uste du.
Jarrera positiboa nabari da atzerriko immigrazioarekiko estereotipo faltsuen eta negatiboen aurrean. Herritar gehienek gaitzetsi egiten dituzte, baita aurreiritzi zabalduenak ere, hala nola gizarte-babeseko sistematik onura handiegia lortzen dutela edo matxismoa areagotzen dutela.
Begikotasun-mailari dagokionez, Mendebaldeko EBtik eta Argentinatik etorritako pertsonak nabarmentzen dira, puntuazio altuena baitute. Bestalde, jatorri magrebtarra duten pertsonekiko begikotasun gutxiago dago, eta tarte handia ez badago ere, puntuaziorik txikiena dute.
Euskal gizartea gero eta gehiago ohartzen da immigrazioa egiturazko prozesu soziala dela, dinamika globalago baten barruan. Datuen arabera, badirudi gero eta onartuago dagoela EAEn bizi garen pertsona guztiok, era batean edo bestean, gure ongizatearen alde egin dezakegula, bai eta tresnak ezartzen lagundu dezakegula ere, denok benetan parte hartu ahal izan dezagun gure eskubideak eta betebeharrak finkatzen dituen zuzenbide-estatuan.
Tolerantzia-indizea

Tolerantzia-indizean azken urte hauetan izandako emaitzak oso baldintzatuta eta lotuta egon dira dinamika makroekonomikoekin. Hala, hedapen ekonomikoko garaietan puntuazioak handiagoak izan ohi dira, eta krisi-garaiei, berriz, konfiantza-galera eta atzerritar jatorriko pertsonekiko tolerantzia txikiagoa lotzen zaizkie. Lotura hori immigrazioaren eta kulturaaniztasunaren hasierako faseetan dauden gizarteetan gertatzen da, hala nola euskal gizartean.
Hala ere, azken urteotan, bi egoera berezi gertatu dira gure inguruan, eta horiek eragina izan dute edo eragina izaten ari dira euskal gizarteak atzerritar jatorriko pertsonekiko duen jarreran: COVID-19ak eragindako krisiaz eta Ukrainaren inbasioaren ondorioez ari gara. Orain, badirudi, COVID-19ak eragindako osasun-krisia gainditu denean, eta gatazka kronifikatu ondoren eta jada gizarte-larrialdiko egoerarik ez dagoenean Ukrainatik asilo eske jendea etortzeagatik, lehengo jarreretara itzuli dela euskal gizartea; hala, aurten 2019ko 60,67 puntuen eta 2020ko 65,00 puntuen arteko balioak erregistratu dira. Aldaketa horretan, agian eragina izango zuten Europako hauteskundeek eta Estatu Batuetako hauteskundeen aurreko debateek, immigrazioa arretagune bilakatu baitute.