Prensa > Base de datos

Gizartea «gero eta toleranteagoa» da jatorri atzerritarreko herritarrekin

Autor:

Edurne Begiristain

Subtitulo:

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren azken Barometroaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %70,7k uste dute etorkinak beharrezkoak direla ekonomiarako, eta %66k iritzi diote haiei esker ekonomiak hobera egiten duela.

Fecha de publicación:

03/11/2021

Contenido:

Koronabirusaren pandemiak ez du aldatu azken urteetako joera, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek gero eta jarrera «inklusiboagoa eta toleranteagoa» daukate jatorri atzerritarra duten pertsonekin. Are, tolerantzia indizea 66 puntukoa da, inoizko handiena. Datu horiek eman ditu gaur Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak, 2021eko Barometroaren emaitzen aurkezpenean. Bilbon aurkeztu dituzte inkestaren datuak Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Gorka Moreno EHUko Bizkaiko campuseko errektordeordeak eta Arkaitz Fullaondo Ikuspegiko ikertzaileak.

Nabarmendu dutenez, koronabirusaren pandemiak sortutako krisiari «tolerantzia handiagoarekin» erantzun dio gizarteak. 2020.urtearekin alderatuta, gainera, gora egin du atzerritar jatorriko pertsonek ekonomian egiten duten ekarpena begi onez ikusten duten herritarren kopuruak. Hala, herritarren %70,7k uste dute etorkinak beharrezkoak direla ekonomiarako, eta %66k iritzi diote haiei esker ekonomiak hobera egiten duela, hemengoek bertakoek nahi ez dituzten lanpostuak betetzen dituztelako. Horrekin batera, herritarren gehiengoaren ustetan (%58,7), langabezia, enpleguaren beherakada eta soldaten murrizketa ez dira jatorri atzerritarra duten pertsonen ardura.

COVID"19aren izurriaren testuinguruan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %94,2k uste dute osasun zerbitzuaren lehentasuna izan behar duela egoerarik okerrenean dauden pertsonei arreta ematea, pertsona horien jatorria edozein dela ere. Datu hori hobetu egin da 2020rarekin alderatuta; zehazki, 3,2 puntu egin du gora.

Bestalde, kultura ereduei dagokienez, bestelakoak dira Ikuspegiren inkestaren emaitzak. Izan ere, biztanleen gehiengoak ez dute ongi ikusten beste kultura eta erlijio batzuetako emakumeek euren burua estaltzea, ez burkarekin ez nikabarekin. %77,7k ez dute ongi ikusten burka janztea, eta %72,8k ez dute ontzat jotzen nikaba janztea.

Medio:

Berria

Enlace:

https://www.berria.eus/albisteak/205403/gizartea-gero-eta-toleranteagoa-da-jatorri-atzerritarreko-herritarrekin.htm