Prensa > Base de datos

Gorroto delituen itua: arraza, bai; Polizia, ez

Autor:

Jon O. Urain

Subtitulo:

Gorroto gertakarien 2020ko memoria egin du Jaurlaritzak; 241 ekintza jaso zituzten. Txostenean, Ertzaintza ez da ageri kolektibo zaurgarri gisa

Fecha de publicación:

30/05/2021

Contenido:

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 241 gorroto gertakari erregistratu ziren iaz, eta horietatik ia erdiak izan ziren arrazismoari edo xenofobiari lotutako kasuengatik: 117 (%48,55). Motibazio hori izan zen gorroto delitu gehien eragin zituena, eta sexu orientazio edo identitateari lotutakoak gorroto delituak izan ziren bigarren multzorik handiena: 50 gertakari izan ziren horri lotuta 2020an (%20,75). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarena da txostena, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak egina. Euskadiko gorroto gertakariei buruzko 2020ko txostena du izena dokumentuak, eta egileek bihar aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean, Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean. Agiria, ordea, legebiltzarreko webgunean kontsultagai dago. 11:30ean hasiko da saioa, eta bertan izango da Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta Jaurlaritzako lehendakariordea, Jon Mirena Landa Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendariarekin batera. Hain justu, asteon aktualitateko gaia izan da gorroto delitua, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak fiskaltzaren aurrean Ernai gazte antolakundea salatu duenez gero. Jaurlaritzak fiskaltzari eskatu dio iker dezala ea Ernaik Ertzaintzaren aurkako delitu gorrotorik egin duen, haren kontrako pankartak eta pintaketak eginda. Baina Eusko Jaurlaritzak berak 2020ko gorroto delituen inguruan eginiko memorian, behintzat, Polizia ez da ageri babestu beharreko kolektibo gisa. Jaurlaritzak Ernairi egozten dizkion gertakariak aurtengoak badira ere, iazko memoriak aditzera ematen du Ertzaintza ez dagoela babes beharrean dauden kolektiboen artean; Poliziaren arrastorik ez dago aurreko urteetako txostenetan ere. Asteazkenean, Erkorekak ziurtzat jo zuen Ernairen ardura ekintza horietan, «esplizitua eta argia» iruditzen zaiolako Ernaik «gorroto mezua» darabilela Ertzaintzaren aurka: «Mezuak esplizituak eta argiak dira, eta gorrotoaren inguruan antolatuta daude. Hori delitua den edo ez, ez dagokigu guri erabakitzea, eta fiskalak eta epaileek esango dute nola kalifikatzen duten». Ernaik agerraldi bat egin zuen ostegunean, eta nabarmendu zuen ez dagoela deliturik; adierazi zuen gorroto delitua kolektibo zaurgarrienak babesteko sortutako tresna bat dela, eta «gazteak, langileak eta migratzaileak borraz jipoitzen dituen Ertzaintza» ez dela kolektibo zaurgarri bat. Arrazakeria: %108 gehiago 2020ko delitu gertakariei buruzko txostenean jaso dutenez, gorroto delituen kopurua nabarmen hazi zen iaz aurreko urteekin alderatuta; 129 delitu antzeman zituzten 2017an, 130 2018an, 105 2019an, eta 241 2020an. Zergatik hazkunde hori? Txostenaren egileek adierazi dutenez, «Ertzaintzaren eta unibertsitatearen arteko elkarlanari eta prestakuntza areagotzeari esker, gertakari mota horiei buruzko informazioaren detekzioa eta zentralizazioa aldatu eta hobetu ahal izan da». Hori dela eta, antzemandako delituak «ugaritu» egin dira. Hain zuzen, gertakari gehien pilatzen dituzten bi zioetan egon da hazkunderik nabarmenena 2019ko datuekin alderatuta; arrazismoaren eta xenofobiaren nahiz sexu orientazio eta identitatearen aurkako delituetan. Lehenbiziko multzoan, %108 hazi zen delitu kopurua (2019an baino 61 gertakari gehiago). Horien ondoren, dibertsitate funtzionalaren (29), ideologia edo orientazio politikoaren (24), eta sexuaren (16) araberako delituak zerrendatu dituzte, eta, azkenik, aporofobiari (2), antisemitismoari (1), adinari (1) eta sinesmen edo praktika erlijiosoei (1) lotutakoak. Delituen tipologiari dagokionez, ugariena lesioak dira (71), eta mehatxuak gero (53 kasu). Gorrotoa zer den prentsan 2020ko memoriak eranskin batean jaso du hedabideetan zer argitaratzen den gorroto delitu gisa, zer ulertzen den gorroto gertakari gisa. Kasu horien artean daude, besteak beste, Altsasuko auziari lotutako informazioak, baina txostenaren egileek ohar bat erantsi dute: «Txosten hau idatzi duen taldeak ez ditu nahitaez baliozkotzen prentsan jasotako interpretazio horiek». Are gehiago: «Edizio honetan, aurreko txostenetan baino agerikoagoa da atal horretan bildutako kasu asko ez direla gorroto kasuen konstelazioaren adierazgarri; aitzitik, gertakari politiko jakin batzuen estaldura zabalaren ondorio dira gehienak».

Medio:

Berria

Enlace:

https://www.berria.eus/paperekoa/1946/016/001/2021-05-30/gorroto-delituen-itua-arraza-bai-polizia-ez.htm